2018(e)ko urtarrilaren 14(a), igandea

Hobbit-ak benetakoak ziren!

Hobbit”  gizakia edo Homo floresiensis-a, orain dela 54 mila urtera arte Flores irlan bizi izan zen gizaki modernoaren leinuko hominido bat da. Baina zer dauka espezie honek guretzako hain kuriosoa dena? Galdera honi erantzuteko ez dugu berreraikitako argazki bat baino ikusi behar. Izan ere, gure espezieko indibiduoekin konparatuta gizaki honen gorputz-tamaina oso txikia da.

Imagen relacionadaResultado de imagen de homo floresiensis

Duela oso gutxira arte, espezie honen indibiduo bakar baten fosilak baino ez ziren ezagutzen, eta beraz, giza-patologia posible bat bezala hartu zuten; baina 2014-an, hipotesi hau baztertuta geratu zen. Urte horretan, Mika Puspaningrum zientzilariak beste indibiduo baten molar bat aurkitu zuen lehenbiziko aztarnategitik 50 kilometrotara eta horrela, patologia batez hitz egiten ari ez zirela ziurtatu ahal izan zuten.

Aurkitu diren azken fosilak beste hominido batzuen fosilekin konparatu dira, eta berriki plazaraturiko artikuluetako batean, lortutako hagin txikien fosilak Homo sapiens-enarekin eta Homo floresiensis-enarekin bakarrik direla konparagarriak ikusi da. Gizaki modernoaren barreiapena Asiako kontinentean zehar fosil hauen jatorria baino beranduago eman zen, eta beraz, espezie honen jatorria azaltzeko bi hipotesi planteatu dira.

Resultado de imagen de homo floresiensis molar

Fosilen datazioa dela eta, Afrikatik irten zen Homo erectus-aren ondorengo espezie bat izan zitekeen, irletan bizi diren espezie askoren eredu ebolutiboa jarraituz, haren tamaina gutxitu zuena. Bestalde, H. habilis hominidoaren ahizpa-espeziea izan zitekeela uste da, haren historia ebolutiboan zehar momenturen baten Afrikatik irten zelarik.

Nolanahi ere, Homo floresiensis-a espezie ezberdin bat zela argi geratu da, eta horrela, fikzioan ikusi ditugun Hobbit-en ideia ez da guztiz irreala.

2018(e)ko urtarrilaren 12(a), ostirala

Neandertal gor, herren eta besamotzaren biziraupena



Homo neanderthalensis espeziea duela 230000-28000 urte Europan bizi izan zen homininia da, eta gure espezieraren, hots, Homo sapiens anatomikoki modernoaren (HSAM) garaikidea zen.

Homo neanderthalensis ar baten itxuraren berreraiketa

Pleistozenoko bizimoduari aurre egitea ez zen lan erraza espezie honentzat: neandertalak ehiztari-bilatzaile nomadak ziren, eta hainbat faktoreren eraginari biziraun behar zioten, hala nola, klimari, garai hartan eman zen tenperatura aldaketari zehazki, harraparitzari, eta HSAM-ek zekartzaten patogeno arrotzek eragindako gaixotasunei. Seguruenik, ikuspegi darwinista batetik, horrelako egoera batean hoberen moldatutako indibiduoek baino ez zuten biziraungo, eta indibiduo hauen genotipo “onuragarriak” izango ziren belaunaldi batetik bestera maiztasun handienaz transmitituko zirenak.

Arrazoi horiengatik preseski, guztiz harrigarria da 1957-an, Irak-en egin zen 40 urteko eta desgaitasun ugariko indibiduo neandertal baten aurkikuntza. 50 mila urteko datazioa ezarri diote ikerlariek, eta bere hezur-aztarnetan dauden anomaliei, dagozkien arazo edo gaixotasunak atxikitu dizkiete.

Lehenbizi behatu zutena, kanpo-belarriaren hezurdura izan zen, eta duela gutxi baieztatu dute horren eraginez guztiz gorra izango zela indibiduo ar hau. Gorra izatea desabantaila itzela izango zen garai hartan, zentzumen garrantzitsuenetarikoa delako entzumena ehiztari-bizimodua daramaten populazioentzat.

Entzumen-hodiaren hezurdura erakusten duten kranioaren aztarnak

Gorra izatea gutxi ez balitz, eskuineko humeroaren anormaltasuna ikusi daiteke beheko irudietan. Badirudi horrelako kurbadura batek besamotz utziko zuela neandertala.
A eta C: eskuineko humeroaren bistak

Eskapulak, sorbaldek eta eskuineko klabikulak ere morfologia ez-ohikoa erakusten dutela ikusi daiteke. Egindako analisien arabera, eskuineko klabikulan dauden sintomek, indibiduo horrek osteomielitisa pairatzen zuela iradokitzen du (hezur-muinaren edo hezurren infekzioa).
A: ezkerreko klabikula normala
 B: osteomielitisa daukan eskumako klabikula

Beheko gorputz-adarretan ere ikusi daitezke arazoak: femurra eta oinetako metatartsianoak aztertuta, herrena zela baieztatu daiteke, eta horrez gain, pelbiseko arrastoek aditzera ematen dute hezurretako gaixotasun larria zeukala.

Arazo guzti horiek ikusita, nola liteke posible hain denbora luzean desgaitasun guzti horiekin biziraun izana? Ez dago froga nabarmenik galdera honi erantzuteko, baina seguruenik, bere taldekoen laguntza eta babesari esker biziraun zuen adin heldura arte.


Iturriak: 

Antzinako beringiarrak


Duela 11500 urteko genomak orain arte ezezaguna izan den populazio amerikar zaharrena ematen du ezagutzera. 

Duela egun batzuk argitaratu da Nature aldizkarian hau baieztatzen duen berria, eta informazio plazaratu berri honek, Mundu Berriko lehen populazioei buruzko informazio garrantzitsua jakitera eman du.
Bering itsasoak, Ipar Amerikako (Alaska) eta Eurasiako (Siberia) lurraldeak batzen ditu, eta duela 25000 urte inguru, izoztu egin zen itsaso hau, tenperatura globalaren jaitsieraren eraginez; horrela, Beringia bezala ezagutzen den eskualdea eratu zen, Lurraren historian bigarren aldiz, eta hain zuzen ere, “lur-zubi” honen bidez gertatu zen Pleistozenoan Eurasiako gizateria arkaikoaren migrazioa Ameriketarantz. Hauxe da orain arte eduki dugun informazio bakarra, ez baita migratu zu(t)en populazio horren edo horien kopurua jakin, ez eta migrazio ostean gertatutarikoak ere.

Beringia eskualdea egon zen azken aldia duela 11000 urte inguru izan zen

Potter eta kideek Alaskan aurkitu zituzten bi umeren arrastoek, zenbait puntu argitu ditzakete. Bi eme gazte hauek estuki erlazionatuta zeudela ikusi dute, seguruenik lehen mailako lehengusiñak ziren, eta Upward Sun River-en (USR) topatu zituzten haien aztarnak, duela 11.5 mila urteko datazioa daukatelarik.

Upward Sun River, Alaska; beringiar arkaikoen kanpamentua

Hauen genomatik USR1 genea sekuentziatu ostean, zera ikusi da: gaurko amerikar natiboen genomatik oso hurbil dagoela, baina esanguratsuki ezberdina dela orain arte aurkitutako beste amerikar natiboen arrastoengandik. Beraz, gene honek, orain arte ezezaguna izan den populazio beringiar arkaiko bat errepresentatzen du.

Datu honen argitan, ikerlariek proposatzen dute, migrazio lehentiarrago bat egon zela, eta beringiarrak eta gainerako populazio amerikar natiboak, duela 36 mila urte Alaskara migratu zuen Homo-aren ondorengoak direla. Dirudienez, gene-fluxuak (Eurasiarren eta Amerikarren aleloen arteko fluxua), 25 mila urte inguru iraun zuen; tarte horren barruan, amerikar natiboena duela 25-20 mila urteko tartean eman zen, eta beringiarren adarrean, duela 22-18.1 mila urte. Ikerlariek diotenez, beringiar arkaikoen populazio hori, amerikar natiboek ordezkatuko zuten gene-fluxua eman ondoren.

Iturriak:
Nature aldizkariko berria (originala)
Sci news


2017(e)ko abenduaren 18(a), astelehena

Kreazionismoa VS eboluzionismoa

1859. urteko azaroaren 24-ak ordu gutxi batzuk zituen The origin of species liburua argitaratu zenean. Halakoa zen ikusmina, egun berean agortu zirela lehenengo edizio horretan salgai zeuden 1250 aleak. Liburuaren 502 orrialdeetan zehar, Darwin-ek, haren bidaietan Beagle itsasontzitik behatutakoaz, eta behaketa horietatik egindako hausnarketei buruz jarduten da, honen emaitza gisa literatura zientifikoaren historian zehar argitaratuko lanetarik garrantzitsuena, teoria ebolutibo biologikoaren aitzindaria izango zena, lortuz.
Testuinguru horretan, elizaren indarra azpimarratu behar da, honek herritarrengan pisu handiko eragina baitzeukan, garaiko gizartearen kultura, pentsaerak eta tradizioak ezarriz. Erlijioak bizitzaren sorrera azaltzeko beste ideia bat defendatzen zuen: kreazionismoa, bai izaki bizidunak eta bai materia ez-biziduna, Jainkoaren esku-hartzearen bidez sortu diren. Ez da harritzekoa, beraz, Darwin-en ideiak baztertu eta deuseztatu nahi izatea, baina haren oinarria hain sendo eta logikoa izanez, gero eta indar gehiago hartzen joan zen, urtez-urte, komunitate zientifiko ia osoaren onarpena eta babesa lortu zuen arte.

On the Origin of Species - Wikipedia
Darwin-en liburuaren lehen edizioa

Gaur egun, teoria ebolutiboa, salbuespenak salbuespen, guztiz onartuta dago, zientzia biologiko gehienen oinarria delarik. Hala ere, elizaren esparru handi batek oraindik zalantzan jartzen du, kreazionismoa goraipatuz, izan ere, azken mendean zehar, hainbat izan dira eredu hau teoria eboluzionistaren parekoa izateko, edo behintzat komunitate zientifikoaren parte izateko saiakerak. AEB-n duela 80 bat urte indar handia hartu zuen, 1910-etik 1960-ra, eskola publiko guztietan, unibertsoaren sorrera azaltzeko eredu bakarra baitzen. Gaur egun ikasketa planetik baztertuta badago ere, hainbat dira ideia hauek sustatzen dituzten erakundeak; besteak beste, Kreazioaren Ikerkuntzarako Institutoa, non kreazionismoari buruzko museo bat aurki daitekeen.

AEB-ko museo kreazionista

Baina bizitza eta unibertsoaren sorrera azaltzeko ideia hau jada ez da Erdi Aroko eliza kristauetan azaldutakoa; urtez-urte kreazionismo modernoa garatuz joan da, teoria ebolutiboa zalantzan jartzeko mota askotako arrazonamenduak erabiliz. Horretarako, teologo eta erlijioaren defendatzaile askok zaharra den kontzeptu bat berreskuratu dute, Tomas Akinokoak Jainkoaren existentzia frogatzeko erabili zuena: diseinu adimentsua. Ideia hau, bizitzaren oinarrian aurkitutako eredu konplexu makromolekular eta prozesu biokimikoak, eragile adimentsu baten lana direla aldezten du. Honi arrazoizko adibideak gehitzen saiatu dira, horretarako zientziara joz; besteak beste, sistema immunearen mekanismoaren konplexutasuna hain handia denez gero, haren atzean esku adimentsu bat egon behar dela diote. Michael Behe, Pennsylbania-ko Lehigh Unibertsitateko biokimikaria, ideia honen defentsore aktibo kontsideratzen da, eta hau izan zen honen barnean konplexutasun murriztezinaren kontzeptua garatu zuena: hainbat atal garrantzitsuz osatutako mekanismo edo egitura batek ezin dio atal hauetariko bati uko egin, guztiak beharrezkoak baitira konplexuaren funtzionalitatea eman dadin, beraz, haren hitzetan, ezinezkoa da eboluzioan zehar mekanismo hori sortu arte trantsizioko egoera horien existentzia ematea, ez bailirateke organismoarentzat abantailatsuak izango. Zorionez, ideia hauek, biokimikari eta biologia molekular ebolutiboaren arloetan lan egiten dutenen eskutik deuseztatu dira, publikoaren ezjakintasunaz aprobetxatzen den hipotesia baita, ez dagoelako benetan ondo arrazoituta eta determinanteak izan daitezkeen xehetasun asko baztertuta uzten baitituelako.

Dena den, kreazionismoa, entzute handiko mugimendua da herrialde erlijioso askotan. Gainera, kristautasunak ez ezik, erlijio musulmanak eta beste batzuek ere honen apologia egiten baitute. Azken finean, gaurko gizarte modernoaren testuinguruan, jendea doktrinatzeko beste metodo bat baino ez da.

Honen guztiaren aurrean, teoria ebolutibo biologikoaren ideia eta oinarriak indartu eta hedatzeko beharra dago. Zergatik onartzen da unibertsalki, eta zergatik kontsideratzen da dogma?

Alde batetik, azken mendean aurkitutako erregistro-fosila daukagu, zeinek oraingo hainbat espeziekiko antzekotasun morfologiko eta genetiko asko erakusten dituzten organismo ezberdinak beha daitezkeen. Fosilen artean ez dugu aurkitzen gaur egungo espezie bati dagokion bat ere, denak iraganeko egoleak direlarik. Hauek adinaren arabera ordenatzen badira, egungo espezie batera heldu arteko trantsizio-egoera ezberdin ugari ikusten dira, eta horrek, organismo honen aitzindariak direla adierazten du. Morfologia alde batera utziz, genomika erabilita ere aztertu dira fosil hauek, egungo espezieen genomak hauekin konparatuz, eta “denon sorpresarako”, hainbat eta hainbat parekotasun genetiko aurkitu dira. Datu hauekin, espezie guztiek gaur dituzten ezaugarri genotipo eta fenotipikoak lortzeko lehenaldiko hainbat egoeretatik pasa behar direla adierazten du, eta beraz, eboluzio bat egon dela.

Beste aldetik, eta berriro genetika arrazoi bezala erabiliz, espezieen arteko genomen konparazioa daukagu. Zientzia garatzen joan den heinean, asko izan dira sekuentziaturiko animalia eta bestelako organismoen material genetikoak. Horrela, erlazio ezberdinak ezarri ahal izan dira oso espezie ezberdinen artean, adar askoko zuhaitz baten diagrama lortuz: bizidunen zuhaitz filogenetikoa. Ondorioz, argi ikusi da organismo guztiek euren sinpletasun eta konplexutasunean progresio bat erakusten dutela, aitzindari komun batetik hasten den progresio zuzena alegia, eta zalantzarik gabe, eboluzioaren ondorioa dena.

Behaketa sinple bat erabiliz ere aurki ditzakegu eboluzioaren ebidentziak. Honen adibide, anatomikoki homologoak diren espezieak ditugu. Espezie hauen artean, jatorri komuna zeukaten eta funtzio bera betetzen zuten egiturak daude, eboluzio baten ondorioz, dibergentzia pairatu eta iraganean zeukaten funtzionalitatea galdu dutenak, gaur egungoa, (euren artean guztiz ezberdina izan daitekeena) lortuz. Beraz, antolakuntza-maila basikoa espezie guztietan mantentzen dute, egungo organoek morfologia eta zeregin guztiz ezberdina izan arren.

Resultado de imagen de homologia humano murcielago
Besoaren homologia ugaztunetan

Azkenik, animalien garapen enbrionarioa daukagu, non argi ikusten den animaliak euren artean oso ezberdinak izan arren, euren garapen-fase ezberdinetan beste espezieekiko antzekotasun ugari aurkezten dituzten. Honen arrazoia zera da: hauen konposizio-zelularra aitzindari komun batetik datorrela, zeinek era ezberdin askotan, baldintza ezberdin askori aurre egin behar izan zion, gaur egungo hainbat eta hainbat espezieetan dibergitu zuena: eboluzio hutsa.

Hau guztia kontuan hartuz, esan beharra dago, zientzia ulermenak eta gertaerek azaltzen dutela, eta gertaera hauek koherenteki garatzen dituzten teoriak behar dituztela. Testuinguru honetan, eboluzioak izaera bikoitza dauka: gertaera eta teoria da aldi berean, beraz, hau deuseztatzeko asmoarekin jarduten duten hainbat fronte badaude ere, hain ideia sendoa denez gero, guztiz zalantza gabekoa da organismoak aldatu egiten direla eboluzioaren eskutik Lurraren historian zehar.


ITURRIAK:
https://sites.google.com/site/benignociencias/practicas
http://www.actionbioscience.org/esp/evolucion/lenski.html





2017(e)ko abenduaren 16(a), larunbata

ZIENTZIALARIAK HARRITUTA 5,7 MILIOI URTEKO GIZA-OINATZENGATIK

Gure espeziearen jatorria gehiago konplikatzeko, Gerard Gierlinski-k, oinatz fosiletan espezializaturiko paleontologo poloniarrak, 5,7 milioi urtetan datatutako homininoen oinatz batzuk aurkitu zituen 2000. urtean Greziako Creta irlan, baina ez ziren sakonki aztertu 2010-era arte. Gaur, 2017. urtean, Uppsala unibertsitateko Per Ahlgerg paleontologoak ikerketa berrartu eta bere ondorio harrigarriak publikatu ditu.

Aurkikuntza honek, ezarritako lehenengo gizakien eboluzio-teoria alda dezake. Esan bezala, oinatzak 5,7 milioi urte dituzte; orain arte uste izan denez, garai horretan, gure arbasoak Afrikan bakarrik bizi ziren, eta tximino oinatzen oso antzekoak ziren oinatzak uzten zituzten.

XX. mendean, Afrikako hegoaldean eta ekialdean egin zen lehenengo Australopithecus fosilen aurkikuntzatik, giza-leinuaren jatorria Afrikan kokatu izan da. Eremu berean aurkitutako beste fosil batzuek, Tanzaniako Laetoliko 3,7 milioi urtetan datatutako oinatz famatuak barne, gure leinuaren lehenengo kideak Afrikan sortu, eta bertan, Europa eta Asiara migratu baino lehen, hainbat milioi urtetan zehar isolatuta egon zirenaren ideiak indartu zituzten.

Horregatik, aurkikuntza honek aurreko ideia hauen kontra egiten du, errealitate askoz konplikatuago bat aditzera emanez.

Giza-oinak forma berezia dauka, lurreko beste animalia guztiengandik guztiz desberdina dena. Izan ere, oin-zola luzanga baten konbinazioak, aurrera begiratzen duten bost behatz motz eta atzaparrik gabeek, besteak baino handiagoa den behatz lodi batekin, bakarra egiten du oinatz mota hau. Gure ahaide hurbilenen oinak, txinpantze, gorila eta orangutanenak zehazki, antzekotasun gehiago ditu giza-oinekin giza-eskuekin baino, adarrei heltzea edota objektuak manipulatzea ahalbidetu dieten erpuru lateral bat dutelarik.

Laetoliko oinatz famatuak, ustez Australopithecus batek utzitakoak, gizaki modernoenen oso antzekoak dira, orpo estuagoak eta oin-zola okertu gabea izatearen ezaugarriak kenduta. Guztiz kontrakoa gertatzen da aurkitutako beste fosil zaharragoekin, Etiopiatik orain dela 4,4 milioi urte ibili zen Ardipithecus ramidus-ak tximinoen oin berdinak baititu. Espezie hori aztertzean, ikerlariek esan zuten gure espeziearen arbaso zuzena zela baina haien oinek gureen antza izateko oraindik ez zutela eboluziorik pairatu.



Baina oinatz berriak, Trachilosen aurkiturikoak, Cretako mendebaldean, Laetoliko oinatzak baino 2 milioi urte zaharragoak dira, eta gainera, giza-itxura nabaria dute, bereziki oinetako behatzetan. Bere hatz lodiak, gurearen antzeko forma, tamaina, eta posizioa ditu, eta gure kasuan bezala, oin-zolari elkartzen zaio tximinoetan agertzen ez den “bola” baten bidez.

Hominino berri eta ezezagun honen oin-zola proportzionalki txikiagoa da Laetoliko oinatzekin konparatuta, baina orokorrean itxura bera dute. Laburtuz, Trachilosen utzitako oinatzen ezaugarriak garbi azaltzen dute lehenengo hominino batek utzi zituela, Laetoliko ibiltaria baino primitiboagoa zen batek hain zuzen ere.

Bere 5,7 milioi urtekin, Cretan oinatz misteriotsuak utzi zituen espezieak, ezagututako hominino zaharrenak baino lehenagokoak dira, Chad-eko Sahelanthropus-ekoak zehazki, eta aldi berean Keniako Orrorinen garaikidea, baina Ardipithecus ramidus eta bere tximino-oinen milioi bat urte zaharragoak. Guzti honek, Ardipithecus-a homininoen ondorengo espezien, arbaso zuzena izatearen hipotesia ezeztatzen du.

Gainera, 2017. urtera arte, 1,8 milioi urtetako (Georgiako lehenengo Homo fosilen adina) hominino fosil guztiak Afrikan zuten jatorria eta horrek eraman zien hainbat ikerlariri taldearen garapen lekua zela ondorioztatzera.

Baina Trachiloseko oinatzek argi uzten dute: segurtasun osoz datatuta daude guneko azpi geruzetako foraminiferoen (itsas mikrofosilak) bidez, eta gainera, oinatz berberak orain dela 5,6 milioi urte sortutako arroka sedimentario bereizgarri baten azpian aurkitzen dira, Mediterranear itsasoa denboraldi labur batez sikatu zenean.

Bateragarritasun bitxi batengatik, urte hasieran beste ikertzaile talde batek 7,2 milioi urtetan datatuta zeuden hortz eta baraila zati batzuk berinterpretatu zituzten, Graecopithecus izeneko primate batenak, eta Grezia eta Bulgaria artean egindako aurkikuntza honen ondorioz primatea hominino taldean sartu zuten berriro.

Cretako oinatzak, Behe Miozenoan sortu ziren, eta garai honetan, Saharako basamortua ez zen existitzen. Gainera, Afrikako iparralde guztia, Mediterranear ekialderaino, sabana handi bat zen. Creta oraindik greziar penintsulatik banandu gabe zegoen, beraz oso zaila da lehenengo homininoak Europako hego-ekialde eta Afrikan zehar imajinatzea.

Aurkikuntza honek, orain arte zegoen lehenengo gizakien eboluzioari buruzko ezarritako kontaketari aurre egiten dio. Oraindik ikustear dago ea giza-jatorria aztertzen duen komunitate zientifikoak onartuko dituen aztarna fosil hauek Cretan, Miozeno garaian, homininoen presentziaren ebidentzia direla.

Artikulua osorik: http://www.sciencedirect.com/science/article/pii/S001678781730113X

Javako Gizona

Javako gizona edo Homo erectus-a eskala ebolutiboko hominidorik garatuenetarikoa da, eta ezberdintzatzen dituen ezaugarri fisikoak haren kapazitate kraniala, altuera eta bipedia dira. Haren dietaren zati nagusi bat okela zen, letagin eta molar sendoak zituelarik. Inteligentziaren gaitasunei dagokiela, soinu bidez komukiatzeko gai ziren espezie honetako indibiduoak, sua erabiltzen zuten, eta harrizko tresnak egiten zituzten.
Resultado de imagen de java man
Eugène Dubois ikerlariak 1890-ko hamarkadan, Javako irlan (Indonesia), kranio baten goikaldea eta femur bat aurkitu zituen, eta hoiek izan ziren Homo erectus-en aurkitutako lehenbiziko fosilak. Dubois-ek, hezur hauek gizaki modernoarenekin konparatuz, kranioa primateen antzekoa zela ondorioztatu zuen, baina femurrak bipediaren arrasto argia ziren. Ikerlariak Pithecanthropus erectus bezala sailkatu zuen, primateen eta gizakien arteko espezie bitartekari bat.
Resultado de imagen de java man

Javako gizonak 900 cm kubiko inguruko kapazitate kraniala zuen, kranio zapal bat zuelarik, eta bekoki txikiarekin. Gaur egungo gizakiaren altuera zuen, eta haren fosilak 500.000 urte baino aurrerago datatzen dira. Guztiz tente ibili zen lehenengo gizakia izan zen, eta seguruenik Javako gizonak Pekingo gizona ehizatu zuen.


Oinarrizko artikulua: https://www.britannica.com/topic/Java-man

2017(e)ko azaroaren 1(a), asteazkena

AGUR ETIOPIA: HOMO SAPIENS-EN JATORRIA MAROKON DAGOELA DIOTE ZIENTZIALARIEK



Jabel Irhoud-eko arkeologia-adituek, duela 300 000 urte Homo sapiens Afrika osotik hedatu zela diote


Homo sapiens espeziearen, hots, gure espeziearen fosil zaharrenak Jabel Irhoud-en (Maroko) aurkitu dira. Termolumineszentzia metodoa erabiliz, aztarnak duela 300000 urtekoak direla egiaztatu da. Beraz, Omo Kibish-en (Etiopia) aurkitutako fosilak baino 100000 urte zaharragoak dira; Etiopiakoak duela 195000 urtekoak direla datatu da.

sapiens5. Sitio arqueológico"Orain arte pentsatu izan da gizateriaren jatorria Afrikako ekialdean zegoela, baina datu berri hauek frogatzen dute Homo sapiens espeziea Afrika kontinente osotik hedatu zela duela 300000 urte". Horixe dio Jean Jacques Hublin-ek, ikerketa honen zuzendariak.

Aurkitutako fosiletan, gutxienez bost indibiduoren kranioak, hortzak eta hezur luzeak aurkitu dira. Fosilek gizaki modernoaren antzeko ezaugarri fazialak eta hortzak erakusten dituzte, baina barrunbe kranial handiagoa eta arkaikoa. Fosil hauetan oinarrituta,  gizakien morfologia faziala espeziearen hasierako garaian eratu zela, eta burmuinaren forma aldiz, Homo sapiens-en eboluzioan aldatu dela esan daiteke.


sapiens2. Cavidad craneal arcaica

  Homo sapiens aitzindarien kranioa Marokoko fosiletan oinarrituta

Afrikako iparra denbora luzean ez da kontuan hartu gure espeziearen eboluzioa aztertzeko, baina azken ikerkuntza honek lotura estua dagoela frogatzen du.

Ondoko argazkian Marokon aurkitutako kranioa (ezkerrean)  eta gaur egungo gizaki baten  kranioak (eskuinean) konparatu ahal dira.



Resultado de imagen de jebel irhoud y etiopia


Gai honi buruz argitaratutako artikuluak zientzia aldizkarietan:

National Geographic
Nature
Nature







2017(e)ko urriaren 24(a), asteartea

Zuhaitz batetik erorita hil al zen Lucy?

Hauxe eman dute aditzera John Kappelman eta kideek Nature aldizkarian, 2016-an argitaratutako artikuluan.

Resultado de imagen de lucy fall from a tree
Lucy-ren itxuraren erreprodukzioa
Duela 3.2 milioi urte bizi izan zen Australopithecus afarensis espezieko hominidoaren arrasto fosilen multzoa da “Lucy” bezala ezagutzen duguna gaur egun. 1974-ko azaroaren 24-an Etiopian aurkituriko eta kontserbazio ezin hobea aurkezten zuten arrasto hauek, hominido emearen eskeletoaren %40-a osatzen dute. Harrigarria da garai hartako hezur-kopuru horren handia topatu izana, eta aurkikuntza honi esker, gauza asko argitu dira giza-eboluzioaren alorrean.


Arrasto fosilen aurkikuntza egin eta gero, Estatu Batuetara eraman zen Lucy urte batzuez, eta bertan, John Kappelman paleoantropologoak hezurrak sakontasun handiagoz aztertzea erabaki zuen. Horrela, Kappelman, hezurretan zeuden frakturen arrasto batzuez ohartu zen.

Eskumako humeroan, eskapulan, sahietsetan eta eskumako femurrean zituen konpresio-frakturek altuera handitik erori zela ematen zuten aditzera. Humeroko frakturek zeukaten itxuragatik, bazirudien hominidoak besoak luzatuta zituela inpaktu-unean, bere burua babesteko saiakeran-edo. Honek frogatzen du, Lucy konsziente zegoela erori zen momentuan, eta beraz, fraktura guzti hauek perimortem, hots, heriotza unean, gertatu zirela. Kaxa-torazikoko frakturek erakusten zutenez, barne-organoetako lesio bortitzek eragin zuten bere heriotza.

Resultado de imagen de lucy fall from a tree
Lucy-ren erorialdia

Ikerlarien artean zalantza nahikoa egon da aipaturiko frakturen kausen inguruan. Baina geologo adituen arabera, gure arbasoa bizi izan zen ingurune afrikarra, zuhaitz eta zuhaixkez betetako eta erreka baten inguruko eremua zen, inolako amildegi gabekoa. Hori dela eta, Kappelman-ek dioenez, derrigorrez ondorioztatuko litzateke, zuhaitz batetik erorita hil zela Lucy.
Baina hominidoaren oin zapalek eta bestelako ezaugarri anatomikoek adierazten dutenez, Australopithecus afarensis espezie bipedoa zen, zuhaitzetara, babes eta jateko bila jotzen zuena. Lokomozio lurtarrerako adaptatu izanak, hauen arbasoek zeukaten eskalatzeko trebeziaren galera eragin zuen A. afarensis-engan, indibiduo hauek erorberago bihurtuz.

Lucy-ren arrastoak aurkitu zirenetik lau hamarkada pasa diren arren, argi dago egin diren aurkikuntza paleontologiko famatuenetarikoa izaten jarraitzen duela gure Australopithecus txikiak. Hominidoen leinuan bipediaren agerpenarena kapazitate kranialaren handipena baino lehenago eman zela erakusten, eta giza-eboluzioaren eskema argitzen lagundu digu. Aurkikuntza hau gako guztiz esanguratsua izan da antropologiaren esparruan: izugarri emendatu ahal izan dugu gure ezagutza AFTER LUCY.

Gai honetan gehiago sakondu nahi izanez gero, hona hemen Nature aldizkarian eta beste zenbait iturritan argitaratutako artikuluak:

 Bideo interesgarria: Donald Johanson-ek Lucy-ren aurkikuntza nolakoa izan zen deskribatzen du:



Zuhaitz batetik erorita hil al zen Lucy?

Hauxe eman dute aditzera John Kappelman eta kideek Nature aldizkarian, 2016-an argitaratutako artikuluan. Lucy-ren itxuraren erreproduk...